Bilbok «metrominuto» aurkeztuko du gaur, oinezko mugikortasuna bultzatzen jarraitzeko hiriko puntu nagusien mapa
Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Saila ez da konformatzen gaur egun dauden oinezkoen joan-etorri kopuru handiarekin –uriko eguneroko barne-desplazamendu guztien % 65 dira–. Horregatik, datu on hori areagotzeko, Nora Abete alkateorde eta saileko zinegotziak «Metrominuto», uriko puntu nagusien artean dauden distantziak eta denborak neurtzen dituen mapa, aurkeztu du gaur 2023ko Mugikortasunaren Europako Astearen jarduera-programaren esparruan.
«Metrominuto» mapa sinoptiko bat da, eta hiri bakoitzeko zenbait punturen arteko distantziak eta denborak neurtzen ditu Mapak hiri bakoitzaren zentralitate nagusiak (zerbitzuak, plazak, parkeak, auzo-zentroak…) eta haien arteko distantzia adierazten ditu, metrotan eta minututan adierazita. Metro-mapetako ikusizko kodeak erabiltzen ditu, hiri handietako garraiobide esanguratsuetako bati keinu eginez, baina hiriei aplikatuta.
Helburua da hirien leku ezagunen arteko hurbiltasuna agerian uztea eta oinez ibiltzeko kulturaren alde sentsibilizatzea. Distantzia eta denbora laburrak direnez, prestasun handiagoa izango dugu gure helmugara oinez joateko eta joan-etorriak oinez egiteko.
Proiektu honen bidez, gainera, nabarmendu nahi da zeinen garrantzitsua den hiri trinko eta dibertsifikatuak eraikitzea, eguneroko bizitzako beharrei hamar edo hamabost minutuko oinezko joan-etorri batean erantzun ahal izateko modukoak. Horri esker, «ordu laurdeneko hiria»ren teoria ospetsua egia bihur dezakegu, hau da, zer distantziatara ditugun gure eguneroko bizitzarako behar ditugun garraio publikoko helmuga edo geltoki nagusiak.