BILBAO BBK LIVE MUNDU OSOAN ERREFERENTE DEN ‘B CORP JAIALDI’ BIHURTU DA

Bilbao BBK Live musika-jaialdia mundu osoan erreferente da, eta, orain, B Corp komunitatearekin bat egin du, Cala Mijas eta Azkena Rock Festival jaialdiekin batera; izan ere, Last Tour sustatzaile eta aktibatzaile sozialak antolatzen ditu hiru jaialdiak. Erakunde batek –gure kasuan, Bilbao BBK Live jaialdiak– gizarterako, erakundearekin lotutako pertsonentzako eta ingurumenerako inpaktu sozial positiboa lortzeko egiten dituen ahaleginak ebaluatzen eta egiaztatzen ditu B Corp mugimendu globalak, eta gizartea aldatzeko gure helburua etengabe berrikustera bultzatzen gaitu.

Bi urteko azterketa eta ebaluazio prozesu zorrotz baten ondoren lortu da errekonozimendua, eta ebaluatzen diren enpresen % 4k baino ez du gainditzen prozesu hori. B Corp komunitatean sartzeko erabakigarriak izan dira, besteak beste, Bilbao BBK Live jaialdiaren ingurumen-inpaktua murrizteko egindako jarduerak, hondakin gutxiago sortzeko eta hondakinak bereizi eta birziklatzeko sistema zorrotz baten bitartez; energia-efizientziako neurriak, jaialdiaren eremuan edateko ura doan izatea eta komunak kimikorik gabeko sare batera konektatuta egotea. Baloratu dira, halaber, mugikortasun jasangarria sustatzea, sexu-erasoen aurkako eta genero-berdintasunaren aldeko prebentzioko eta sentsibilizazioko programak, baita doako kontzertuen programazioa ere. Bilbori egiten zaion ekarpena eta hirian duen inpaktu ekonomiko garrantzitsua ere funtsezkoak izan dira B Corp komunitateko kide bihurtzeko, eta honako alderdi hauek ere nabarmendu dituzte: tokiko lantaldeak kontratatzea, baso-eremuak basoberritzeko eta egoera ahulean dauden kolektiboei laguntzeko dohaintzak Bizkaiko Elikagaien Bankua, Zierbena Sarea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Ukraina Euskadi eta Zaporeak elkarteen bitartez; eta pandemia garaian zuzeneko musikaren arloko profesionalei laguntzeko egindako ekimenak.

Bilbao BBK Live jaialdia B Corp mugimenduaren printzipioei atxiki zaie, eta bere jardunbide eta politikak berrikusten jarraituko du, etengabeko hobekuntzan, 2030 Agendarekin, Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin eta Nazio Batuen Global Compact itunarekin hartua duen zeharkako konpromisoa sendotuz.

B Corp pertsonen mugimendu globala da, eta enpresen indarra baliatzen du XXI. mendeko arazo sozialak eta ingurumen-arazoak konpontzeko. Helburu ekonomikoak baino ez dituzten enpresek ez bezala, B Corp enpresek goi-mailako estandar egiaztatuak betetzen dituzte gizartearen eta ingurumenaren aldeko jardunari, gardentasun publikoari eta lege-erantzukizunari dagokienez; mundu osoan 6.000 enpresa baino gehiago dira. Konpainia horiek ekonomia eraldatzen ari dira, eta enpresa-arrakastaren definizioa berrikustea lortu dute: arrakasta pertsonen, komunitateen eta planetaren ongizatearen arabera neurtzen da; horri esker, konpainia guztiak munduko onenak izateko ez ezik, mundurako ere onenak izateko arituko dira lehian. Espainian 200 baino gehiago dira B Corps konpainiak. Besteak beste, elikagaien sektorean (Danone edo Veritas), modaren sektorean (Ecoalf, Camper edo Patagonia), bankaren sektorean (Triodos Bank) edo energiaren sektorean (Hola Luz).

Bilbao BBK Live jaialdia, gaur egun, iberiar penintsulako eta Europa osoko erreferentziako jaialdia da, nazioan eta nazioartean punta-puntakoak diren artistak ekartzen dituelako eta 12 agertoki ere biltzen dituen natura-ingurune pribilegiatu batean kokatzen delako. Uztailaren erdialdean izaten da urtero Bilbon, Euskal Herrian, Espainiako Estatuaren iparraldean, eta 2006. urtean lehen edizioa egin zenetik milioi bat ikus-entzule baino gehiago hurbildu dira ekitaldi honetara. Artista ospetsuak izan ditugu geure artean eta, urtetik urtera, zerrendaburu izan ditugu, besteak beste, Gorillaz, The Strokes, Florence and The Machine, Depeche Mode edo Radiohead, bestelako proposamen arriskatuagoekin batera, hala nola Childish Gambino, Brockhampton eta Die Antwoord, eta musikaren munduko legenda handien ondoan, besteak beste, Brian Wilson, The Police, Pixies edo R.E.M.
Edizio bakoitzean 120.000 pertsona inguru etortzen dira Bilbao BBK Live jaialdira, hiru egunetan, esperientzia magiko bat bizitzeko asmoz: Kobetamendiko naturaguneaz, ikus-entzuleek ikus-entzuleentzat pentsatutako eskaintza gastronomikoaz, Bilbo hiri kosmopolitaz eta, batik bat, musika-eskaintza bizienaz eta berritzaileenaz gozatzea. 

Descargar información

Descargar información

Pulsa descargar para obtener una guia resumen con parte de los servicios que ofrece la ciudad.

¡Gracias por descargar!