Behin betiko onartu da ekainaren 15ean indarrean jarriko den emisio gutxiko eremua arautzeko ordenantza
Ibilgailuen zirkulazioa da kutsadura iturri nagusia Bilbon, eta airearen kalitateari eta biztanleen ongizate akustikoari eragiten die. Urtero, kutsadura atmosferikoak 10.000 heriotza inguru eragiten ditu Espainian (trafiko istripuek eragindako heriotzak baino gehiago).
Bilboko Udalak, erronka horien jakitun, EGE ezartzeko, arau argiak proposatzen dituen ordenantza bat onartu du; osasun publikoa eta airearen kalitatea hobetzeko, oinez, bizikletaz edo garraio publikoan mugikortasuna bultzatzeko, herritarrei beren betebehar eta eskubideen berri emateko eta legezko betebeharrak betetzeko. Ordenantza hori diseinatzeko, airearen kalitatearen etorkizuneko beharrak eta Bilboko egungo egoera hartu dira kontuan. Besteak beste, azterlan sakon bat egin da azken urteetan zirkulatu duten ibilgailuei buruz. 100.000 neurketatik gora egin dira horretarako, hamahiru kontrol puntutan. Azterlan hori hiriko airearen kalitatearen azterketa batekin batera egin da, abiapuntua eta bete beharreko helburuak parametrizatzeko, eta ondorioztatu da hirian zirkulatzen duten ibilgailuen %50 inguru A edo B kategoriakoak direla.
Gainera, pertsonen mugikortasun ohiturei buruzko datuak bildu dira, neurriari buruzko perspektiben, beharrizanen, iritzien eta ulermenaren ikuspegi osatua lortzeko. Azterlanak agerian utzi du herritarrek garrantzi handia ematen diotela ibilgailuen trafikoaren kutsadura murrizteko neurriak hartzeari. Guztira 8,2 puntu ematen zaizkio horri, 10etik.
Arauketak eta salbuespenak
Ordenantzak, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, ibilgailuak zenbait kategoriatan sailkatzen ditu kutsatzeko ahalmenaren arabera, ingurumen bereizgarriekin:
- Gutxi kutsatzen duen ibilgailua: 0 emisioko ibilgailua, ECO eta C.
- Ibilgailu kutsatzailea: B ibilgailuak.
- Ibilgailu oso kutsatzailea: A ibilgailuak edo etiketarik gabeak.
Edonork kontsulta dezake bere ibilgailuaren ingurumen kategoria Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean.
Gogorarazi behar da Bilbon ez dela inolako bereizgarririk edo eranskailu fisikorik eraman beharko ibilgailuan, ezta aldez aurretik halakorik eskatu ere. EGEra sartzen diren ibilgailuak matrikulak irakurtzeko kameren sistema baten bidez kontrolatuko dira, eta sistema horiek Udalaren eta DGT-ren datu baseetara konektatuta egongo dira.
Onartutako ordenantzaren arabera, 2024ko ekainaren 15etik aurrera, gutxi kutsatzen duten ibilgailuak, bizikletak, bizikleta elektrikoak, beste ziklo batzuk eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak sartu eta ibili ahal izango dira libreki emisio gutxiko eremuan, bai eta bertan aparkatu ere. Ibilgailu kutsatzaileek (B) eta oso kutsatzaileek (A) mugatuta izango dute emisio gutxiko eremuan sartzea, zirkulatzea eta aparkatzea ordutegi jakin batean.
Erregulazioa lanegunetan aplikatuko da, astelehenetik barikura, 07:00etatik 20:00etara. Araudia betetzen ez dutenek 200 eurorainoko zehapenak izango dituzte, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legean xedatutakoaren arabera.
Hala ere, muga horietan badira salbuespenak ibilgailu eta egoera jakin batzuetarako. Hauetarako, adibidez: ordenantza indarrean jarri aurretik EGEn bizi ziren pertsonen ibilgailuak, mugikortasun urriko pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuak, larrialdietako eta funtsezko ibilgailuak, ibilgailu historikoak eta fabrikazioz orduko 45 km baino gutxiagoko abiadura hartzen duten 50 cc baino gutxiagoko ziklomotorrak.
Ordenantzak salbuespen horiek guztiak jasotzen ditu, baita gainerako kolektiboei aplikatuko zaizkien trantsizio-aldiak ere.