
Euskadiko Parke Teknologikoko Bilbao Campusa egia bihurtu da; Zorrotzaurreko Iparraldeko Puntan dagoen lehenengo eraikinaren lehen harria jarri dute. Horrela amaituko da Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-prozesu luzea. Horri esker, Euskadiko Parke Teknologikoaren bidez, nazioarte mailako hiri-campus teknologiko bakarra sustatuko da.
IDOMek eta MONDRAGONek beren proiektuak iragarri dituzte, Zorrotzaurre ezagutzaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta industria aurreratuaren uharte bihurtzeko, hala Bizkaiko eta Euskadiko ekonomiarako proiektu eragile izateko. Mondragon Unibertsitateak, Ikerlanek eta Vicomtechek ere beren presentzia zabalduko dute Bilbon, Parke Teknologikoan kokatuta. Lehenengo jarduketa horri esker, hirugarren sektoreko erabilerarako 46.000 m2-ko eraikigarritasuna izango da uhartearen Iparraldeko Puntan, eta abangoardiako enpresak ekipamendu publikoz eta etxebizitzaz inguratutako espazioan kokatzea sustatuko da. Gainera, Hegoaldeko Puntan dauden beste 60.000 m2 garatzeko lanean ari dira.